2010/05/27

Mireia Apraizi elkarrizketa BERRIA egunkarian

Zeliakoen Nazioarteko Eguna da maiatzaren 27a munduko hainbat herrialdetan. Euskal Herriko zeliakoen elkarteek ere gaur ospatzen dute eguna. Horren harira, Euskadiko Zeliakoen Elkarteko lehendakari Mireia Apraizi egindako elkarrizketa argitaratu du gaur BERRIA egunkariak.


Mireia Apraiz, EAEko Zeliakoen Elkarteko zuzendaria


Zeliakoen Nazioarteko Eguna da gaur. EAEko Zeliakoen Elkarteak 2.100 bazkide inguru ditu. Glutenik gabeko jakiak merkatzea eta produktuen etiketak argigarriagoak izatea aldarrikatzen dute.

«Zeliakoek gutxienez 1.500 euro gehiago gastatzen dituzte urtean janaritan»

Osasunerako Mundu Erakundeak (OMS) emandako datuen arabera, 100 biztanletik bat zeliakoa da. EAEko Zeliakoen Elkarteko zuzendari Mireia Apraizek (Bilbo, 1962) adierazi du, aurrerapausoak eman diren arren, jatetxe eta eskola jangela asko ez daudela behar bezala prestatuta, glutenik gabeko menuak eskaintzeko.

Zeliakoek intolerantzia diote glutenari. Zein adinetan agertzen da intolerantzia?

Haur bat 4-6 bat hilabeterekin hasten da glutena hartzen, eta ordutik edozein unetan ager daiteke intolerantzia. Horretarako, hala ere, beste bi baldintza bete behar dira: genetikoki joera izatea eta adenobirus 12 birusa edukitzea. Birus horrek iragazkorragoa egiten du hesteetako pareta.

Erraz diagnostikatzen al da?

Ez beti. Izan ere, sintomak askotarikoak izan daitezke: beherakotik hasi, eta idorreria kronikora. Kasu batzuetan, gainera, zeliakoek dituzten sintomak ez dira agerikoak. Horiek dira arriskutsuenak. Askori zauriak egiten zaizkie urdailean. Ondorioz, ezin dituzte jakien mantenugaiak ondo xurgatu. Horrek osasun arazo larriak eratzen ditu: hazkunde atzerapena haurretan, eta anemia adinekoetan.

Zertan eragiten die eguneroko bizitzan gaixotasunak zeliakoei?

Batik bat etxetik kanpo otorduak egiteko orduan izaten dituzte zailtasunak. Etxean, medikuak nahiz elkartekoek emandako elikadura arauak betez gero, moldatzen dira otorduak antolatzeko. Gakoa da glutena duten produktuak ez jatea, oraingoz ez baitago botika edo txertorik intolerantzia horri aurre egiteko. Etxetik kanpo jaterakoan, ordea, aipatu arau horiek betetzea zailagoa da. Aurrerapausoak eman diren arren, jatetxe askok ez dute glutenik gabeko menu bat eskaintzeko formaziorik. Elkartetik prest gaude formazio hori emateko, baina borondatea izan behar dute horretarako.

Eskola jangeletara gero eta haur gehiago joaten dira. Nola jorratzen duzue gaia hango arduradunekin?

Eskoletako jangela gehienek catering enpresekin funtzionatzen dute. Hala, hitzarmenak ditugu alor horretako hainbat enpresekin, glutenik gabeko jakiak presta ditzaten. Baina ezin gara horretara mugatu. Izan ere, gerta daiteke catering enpresak glutenik gabeko jakiak prestatzea. Baina behar bezala frijitzen edo banatzen ez badira, arazoak izan daitezke. Hala, jangeletako sukaldariek eta zaindariek ere formazioa jaso behar dute. Jatetxeekin ere berdin gertatzen da. Uste dute glutenik gabeko produktuak erabilita nahikoa dela. Baina jaki horiek nola gorde, prestatu eta plateren jarri jakin behar da, glutena duten produktuekin ez nahasteko.

Gaur egun gero eta gehiago dira glutenik ez duten produktuak. Dena den, maiz salatu izan duzue produktu horiek glutenik gabekoak baino garestiagoak direla. Hala dira oraindik ere?

Glutenik gabeko produktuak oso garestiak dira. Legearen arabera, produktu bereziak dira, eta %7ko BEZa dute. Hala, zeliakoek gutxienez 1.500 euro gehiago gastatzen dituzte urtean janaritan. Oso lege zaharra eta bidegabea da.

Zuen beste eskarietako bat da etiketak argigarriagoak izatea.

Bai. Kasu askotan etiketak ez dira batere lagungarriak zeliakoarentzat. Oso hizki txikiz jartzen dituzte, edo ia irakurri ezin diren lekuetan. Beste zenbaitetan nahasgarriak dira. 'Produktu honek glutena izan dezake' edo 'Jaki honek arto arrastoak ditu' eta antzeko oharrak jartzen dituzte. Kontsumitzaileari argi esan behar zaio glutena duen edo ez, haren osasuna baitago jokoan.

Horri aurre egiteko, zein laguntza eskaintzen die elkarteak zeliakoei?

Etengabeko harremana dugu jaki enpresekin, eta glutenik ez duten produktuen berri ematen diegu bazkideei lubur batean. Gainera, produktuetan izaten diren aldaketen berri jakinarazten diegu. Sukaldaritza ikastaroak ere ematen ditugu, eta baita laguntza psikologikoa ere. Haurrentzat ez da erraza gaixotasunarekin bizitzen ikastea. Askotan, baztertuta sentitzen dira. Guztia bazkideen kuotekin ordaintzen dugu, administrazioek ez baitigute laguntzarik ematen. Urtebete daramagu Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmena sinatu nahirik.

No comments:

Post a Comment