2013/04/10

Zeliakoak Zarautzen: biltzeko deialdia

Honakoa da Zarauzko zeliakoek elkarren berri izateko eta lehen bilera egiteko posta elektronikoz zabaltzen ari garen mezua:



Kaixo,lagun!

Ez dugu elkar ezagutzen, baina gai batek elkartzen gaitu: zeliakiak. Mezu hau jaso duzuen guztiok harreman zuzena duzue zeliakiarekin. Zeliakoak zarete batzuk, eta gaixotasun zeliakoa duten seme-alaben gurasoak edo senideak zarete beste batzuk.

Pasa den urteko ekainean, Zarauzko hipermerkatu batek antolatzen dituen ohiko hitzaldietan egin genuen topo batzuek, zeliakia eta elikadurar iburuz antolatu zuten hitzaldian. Bertan, Zarautzen zeliakoak garenok edo zeliakoen senideok elkartzeko beharra sumatu genuen, batetik elkarren berri izateko, eta bestetik Udalari, ostalariei edo herrian zehar ekimenak antolatzen dituztenei gure berri emateko eta zeliakoen eskubideak ere bermatu daitezen aldarrikatzeko.

Ez dakigu zer sortuko den honetatik, baina lehen bilera batera gonbidatu nahi zaitugu. Besterik ezean, oraingoz behintzat, elkarren berri izateko eta aurrerantzean guretzat garrantzitsua izan daitekeen informazioa konpartitzeko.

Bilera datorren apirilaren 17an egingo dugu, asteazkenean, 19:00etan, Sanz Enea kultur etxeko sotoan.

Eskertuko genizueke mezu hau ezagutzen dituzuen Zarauzko zeliakoen artean edo hauen senideen artean zabaltzea. 

Gure aldetik, hedabideetan ere emango dugu bileraren berri, ahalik eta lagun gehien elkartu gaitezen.

Bertan ikusiko garelakoan, aldez aurretik, mila esker.

[ oharra: hasiera batean bileraren deialdia apirilaren 24rako egin bagenuen ere, agenda eta azpiegitura kontuengatik, data aldatu egin da: apirilaren 17an izango da].

No comments:

Post a Comment